Barikuetan gizarte tertulia izaten dogu Goizeko Izarretan irratsaioan. Gaur Begoña Errazti eta Gorka Mostajo hurreratu dira geure estudiora eta pasa dan martiaren 17an egindako greba orokorraren balorazinoagaz hasi dogu solasaldia. Lanbide arteko gitxieneko soldatea igotearen alde deitu eben ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek pasa dan martitzeneko huelgea. Sindikatuen esanetan, greba arrakastatsua izan da. Geure tertuliakideek euren balorazinoa eta eretxia emon deuskue.
Atzo, martiaren 19an, Korrika hasi zan Atharratzen eta 29ra arte Euskal Herri osoa zeharkatuko dau, domeka horretan Bilbon amaitzeko. Euskeraren aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea dauka helburu Korrikak, eta oso ekimen babestua, maitatua eta anitza da. Korrikan danok gara ondo etorriak eta horrela adierazi dau beti AEKk. Aurten, baina, CCOOek oposaketa desbardinetan euskera mailaren kontra ezarri ebazan helegiteen ostean, AEKk zalantzan ipini eban sindikatuaren parte hartzea, euskeraren kontrako jokabideetan atzera emoten ez baeban. PSEk CCOOen alde egin eban eta ez dauala parte hartuko adierazi dau. Gure tertuliakideek Korrika zelan bizi daben jakin gura izan dogu eta baita aitatutako polemikaren ganean daukien eretxia be.
