
Maialen Ibarra abeslari basauritarragaz egin dogu berba asteon Bizkaia Irratiko Aupa Bizkaia irratsaioan. Ibarrak orain dala hiru aste ‘Bidea egin’ abestia kaleratu eban eta bere lehen diskoa prestatzen dabil buru-belarri orain. Data zehatzik izan ez arren, udatik bueltan kaleratuko dauala esan deusku.
Edozelan be, ‘Bidea egin’ ez da Ibarrak azken boladan ezagutzera emon dauan abesti bakarra. Azken hilabeteetan, ‘Nire errua’, ‘Beti falta da zerbait’ eta ‘Heldu gara amaierara’ piezak be kaleratu ditu, azkena Eider Saezegaz batera. Aurretik, ‘Nire egia zure ezpainetan’ EP-a atera eban 2024an.
Beraz, hazkunde nabarmena bizi izan dau azken boladan Ibarraren proiektuak. Artista pozik dago orain arte burututako bideagaz, baina gehiago haztea gurako leuke. Edozelan be, musikan bai edo bai jarraitzeko asmoa dauka: “Musika egiten jarraituko dot, maila honetan edo gorago”.