Lana pop eta pop-rock amerikarraren soinuetan oinarrituta dago

Artista basauritarrak '16 segundu' bere lehen albuma kaleratuko dau bariku honetan

Maialen Ibarra: “Pertsona zein artista moduan hazi naz azken urtean”

2001ean jaiotako artista bizkaitarra da Maialen Ibarra / Bizkaia Irratia

Maialen Ibarra artista basauritarrak 16 segundu bere lehen albuma kaleratuko dau zemendiaren 21ean. 2024. urtean Nire egia zuen ezpainetan bere lehenengo EPa kaleratu ondoren, aurten bere albuma aurkeztu dau: “Pertsona zein artista moduan hazi naz azken urtean”. Diskoak Ibarraren ahots emozionalaren inguruan eraikitzen diran atmosfera intimoa eta energia potentea uztartzen ditu. 16 segundu 11 abestik eta sarrera batek osotzen dabe, eta hiru kolaborazino nabarmen ditu: Kirmen Uribe, Eider Saez eta Mon Dvy. Esaterako, albumak Kirmen Uribegaz batera egindako poesia-musikatutako sarrera dauka.

Soinuari jagokonez, pop eta pop-rock amerikarraren soinuetan oinarrituta dago, baina, urbanoaren freskotasuna eta folkaren samurtasuna tartekatzen dira bertan. Soinuaren ardatza Mon Dvy (Bengo, Chill Mafia, Samurai, Alba Reche) ekoizleagaz sortutako lankidetza da, diskoaren tonu zinematografikoa eta garaikidea sendotuz.

Nor da Maialen Ibarra?

Maialen Ibarra 2001ean jaiotako artista bizkaitarra da, pop eta pop-rock generoetan murgiltzen dana, baina aldi berean, beste soinu eta estilo batzuekaz jolasten dauen musika propio eta freskoa sortzen dauena. Bere musikan, gitarrak eta melodia garbiak eta itsaskorrak dira protagonista nagusiak, erritmo urbanoaren ñabardurak, folk ukituak eta ahots zintzo baten indarragaz alkartuz, Euskal Herriko emakume artisten artean bereizgarri egiten dauen soinu originala sortzen dabil Ibarra.

Beste albiste eta podkastak...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00