'Haurren lana: 2024ko datuak, joerak eta jarraitu beharreko bidea' txostena kaleratu dabe NLE eta UNICEF erakundeek

Munduan 138 milioi haur dagoz lan egitera behartuta

Maider Gabilondo: “Haurren lana saihestu daiteke borondate politikoagaz”

2024an 138 milioi haur egon ziran lan egitera behartuak, eta horreetatik, 54 milioi inguruk, lan arriskutsuak egin ebezan, Nazinoarteko Lan Erakundeak (NLE) eta UNICEF-ek argitaratutako azken txostenaren arabera. Haurren lana: 2024ko datuak, joera eta jarraitu beharreko bidea txosteneko datuek erakusten dabenez, 2020tik aurrera, lanean egon diran umeen kopurua 20 milioi jaitsi da, eta horrek joera aldatzen dau 2016 eta 2020 artean izandako gorakada ikaragarriagaz konparauta. Baina nahiz eta aurrerapenak egon, munduak ez dau lortu haurren lana 2030a baino lehen desagerrarazoteko helburua.

Maider Gabilondo UNICEF Nafarroako koordinatzaileak Lau Haizetara irratsaioan gogoratu dauanez, egoera horrek haurtzaroa eta etorkizuna kentzen deutse milaka umeri. “Eguneroko bizimodua mantentzeko, haurrak ekonomia familiarrean laguntzera behartuta dagoz, askotan bere osasuna eta segurtasuna arriskuan jarriz”, azaldu dau. Pobrezia eta lan dunen gabezia dira haurren esplotazinoaren arrazoi nagusiak, baina hezkuntza sistemaren kalidade eskasa be bada eragile handia.

Datuen arabera, nekazaritza da hondino be haurren eskulan gehien erabilten dauan sektorea (%61). Horren atzetik, zerbitzuen sektorea (%27) —horren barruan sartzen dira etxeko lanak eta merkaduetako gaien salmenta— eta industria (%13), meatzaritza eta produktuen fabrikazinoa tarteko. Herrialdeka, Saharaz hegoaldeko Afrika nabarmendu behar da: umeen ia bi herenek lan egiten dabe, hau da, 87 milioi inguruk.

Maider Gabilondok nabarmendu dau ezinbestekoa dala legeak ezartzea, babes sozialeko programak garatzea eta doako kalidadezko hezkuntza sustatzea. “Posible da haurren lana saihestea, baina horretarako borondate politikoa behar da”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00