
Maitane Alonso Monasterio Medikuntzan graduatu barria da EHUn. Sodupearrak, 24 urtegaz, bere lehen ikerketea aurkeztu barri dau San Frantziskon (AEB), American Society of Clinical Oncology GU-25 kongresuan, munduko onkologia genitourinarioko kongresurik ospetsuenean. Bertan, prostatako minbizi metastasikoaren kasuetan alterazino genetiko germinalen eragina aztertu dau. “Hasieran ez neban sinisten, San Frantziskoko esperientzia bizitza aldatzen dauan horretakoa izan da”, esan deusku ikertzaile gazteak. Zehaztu dauanez, “esperotakoa baino emaitza esanguratsuagoak” lortu dabez, eta horrek ikerketaren jarraipenarako oinarri sendoa eskaintzen dau.
Zientziaren aldeko grina txikitatik izan dau Alonsok. “Oso txikia nintzela, kimioterapia kalterik bakoa asmatu nahi nebala esaten neban. Gero konturatu nintzan, benetan, jentea zaintzea zala nahi nebana”. Bere amets profesionala medikuntza onkologikoan aritzea da, eta orain gitxi Gurutzetako Unibertsidade Ospitalean BAME (Barneko mediku egoiliarra) plazea lortu dau. Ganera, zientziaren arloko emakume erreferenteen gabeziaz jabetuta, STEMLab Bizkaia izeneko podcast proiektuan parte hartu dau, emakume gazteei inspirazino iturriak eskaintzeko asmoz. “Gure inguruan be badagoz eredugarriak diran emakumeak” azpimarratu dau Maitane Alonsok.