Klima aldaketeak Kantauri Itsasoan, eta euskal kostaldean aldaketa handiak eragingo dauz mende amaierarako.
AZTIk klima aldaketeak eragingo dauezanak batu dauz txosten baten. Itsas maila 6,5 zentimetro hazi eta olatuen tamainua be handituko dala kalkuletan dabe. Maite Erauskinek, AZTI zentro teknologikoko ikertzaileak, azaldu deuskunez itsas ertzean kalte handienak portuetan eta hondartzetan izango dira. Aldapa handirik ez dauken hondartzetan antza.
Euskal arrantzaleek harrapetan dabezan arrain batzuren migrazinoa aldatzen hasita dago. “Batetik zonalde tropikaletatik arrain batzuk gurera etorriko dira eta bestetik hegaluzeak iparralderako bidea hartuko dau” azaldu dau Maite Erauskinek. Uraren berotzeari aurre egiteko arrain bakotxak bere gaitasuna dauka eta horretan indartsuen antxoa ei dabil. “Antxoak beroari aurre egiteko tolerantzia handia dauka, klima aldaketeari ondoen aurre egin ahal deutson espezietariko bat izango da” azaldu dau erauskinek.
Bihar Dubain hasiko dan COP28 goi-batzarrean herrialdetako agintariek itsasoko ekosistemak mantendu eta babesteko erabagiak hartu beharko dabezala uste dau Erauskinek. “Ozeanoak funtsezkoak dira klima globalaren erregularizazinorako, atmosferatik karbonoa hartu eta lurperatzen dabe” azaldu dau AZTIko ikertzaileak.