Gaurkotasunari begiratu deutsagu gaurko Goizeko Izarretan irratsaioan, batez be, Bilbokoari. Horretarako, Maria Del Rio EH Bilduko zinegotzia euki dogu geurean. Bilboko gai zehatzetara etorri aurretik, bestelako batzuez be galdetu deutsagu zinegotziari: nazinoartetik jatorkuzanak, Herri Norteren inguruko salaketak, Euskal Pilota Federakuntzaren ofizialtasuna, etab.
Bilboko kontu zehatzetara etorrita, Udalak aurrekontua prest dauka dagoeneko urteari ekiteko. Del Riok prozesuan zehar gobernuak erabilitako formak salatu ditu: “Udal gobernuak ez dau negozietako aukerarik emoten. Ondorioz, osoko zuzenketa aurkeztu genduan. Azkenean, bakarrik udal gobernuaren babesagaz onartu zan aurrekontua”.
Bestalde, etxebizitza arazoak kezka handia eragiten dau Bilbon. Horren harira, neurri batzuk hartu dira dagoeneko: tenkatutako gune izendatzea, etxebizitza turistikoak mugatzea, etab. Kontuak kontu, EH Bilduk neurri gehiago proposatzen ditu: “Larritasun egoeran bizi gara. Etxebizitzarena hilabetero bilkurara eroaten dogun gaia da. Neurri ezbardinak hartu behar dira esparru desbardinetan aldi berean: etxebizitza publiko gehiago eregin, hutsik dagoan etxebizitza mobilizau…“.
Ganera, turismoa gaur egun jarduera ekonomiko garrantzitsua da uriarentzat, burukomin batzuk eragin arren. Turismo ereduaren ganeko hausnarketea burutu dau Del Riok: “Etxebizitza edo merkataritza esparruetan eragiten dituan ondorioak be kontuan hartu behar dira“.
Segurtasuna eza. Kezkea ala perzepzinoa?
Segurtasuna herritarren kezka nagusietarikoa da azken boladan. Ondorioz, Del Riorentzat be bada: “Datuek erakusten dabe antzeko herrialdeen parean gagozala. Halanda be, zaindu beharreko arloa da, segurtasun ezaren sentsazinoak bakotxaren egunerokotasuna mugatu ahal daualako”. Sarri lotzen da segurtasun eza migrazinoagaz be. Bilbon kanpotik etorritako gero eta jente gehiago dago. Inklusinoaren esparruan egindako lana errepasau dau zinegotziak: “Geroz eta uri anitzagoa da Bilbo, zorionez. Horren harira, neurriak hartu behar dira bilbotar barrien beharrizanei erantzuteko“.
