Markina-Xemein Europako gaztagintza artisauaren epizentro bilakatuko da gaurtik zapatura arte. Horren harira, Iratxe Lasa Markina-Xemeingo alkatea eta Malen Sarasua Esneki Zentroko arduraduna Bizkaia Irratiko sintonian euki doguz. Markina-Xemeinek FACEnetwork, gaztagintza eta esneki artisauen Europako sare nagusiaren urteko bilkurea, hartuko dau. Europako 22 herrialdetako 200 profesional inguru bertaratuko dira udalerrira Esneki Zentroak antolatutako bilkura honetan parte hartzeko. Urriaren 19tik 21era bitartean ospatuko dan topaketa honetan Euskal Herriko gaztagintzaren errealidadea eta bilakaerea ezagutaraztea izango da helburua.
Horretarako, bisitak, hitzaldi teknikoak, mahainguruak eta esperientzia-trukaketak egongo dira. Ganera, eguaztenean Uhagon Kulturgunean Europa osoko gaztaien dastaketa bat be antolatu dabe herritarrentzako eta bertaratu nahi dauan edozein pertsonarentzako. Ekimena Markina-Xemeingo Udalaren babesagaz antolatu da.
Bestalde, urriaren 22tik 24ra, Leartiker Esneki Zentroa buru daukan Europako POCTEFA Know and Cheese proiektuak bere mugaz gaindiko ekitaldia be Markina-Xemeinen ospatuko dau. Ekitaldiak esneki artisauen ekoizpenagaz lotutako topaketa teknikoak eta herritar guztiei zuzendutako jarduerak buztartuko ditu, produktu horreen balioa nabarmentzeko eta euren ezagutzea sustetako.
