Aurtengo kanpainearen leloa 'Euskara ZU zara' da

Urrian izena emoteko kanpainea martxan jarri zan, eta momentuz 75 lagun animau dira

Martxan da Meatzaldeko Berbalagun programea

Meatzaldeko Berbalagun programea / Muskizko Udala

Abian da Meatzaldeko Berbalagun programearen ikasturte barria, Euskara ZU zara lelopean. Euskaldunon komunidadea indartzeko helburuagaz, aurten be programak eskaintza zabala dakar, euskaraz aritu gura dauanak hainbat aukera izan dagian. Urrian izena emoteko kanpainea martxan jarri zan, eta dagoeneko 75 dira animau diranak. Izen emotea hondino zabalik dago, eta datozan asteetan, talde barriak abian jarriko dira.

Alex Carreras Meatzaldeko Berbalagun programaren dinamitzaileak Bizkaia Irratian azaldu dauanez, parte-hartzaile gehienen helburua euskara hobetzea eta hizkuntza ohiturak sendotzea da. Normalean lau-bost pertsona alkartzen dira, tabernetan edo kafetegietan. Talde handiagoak be badagoz, eta askotan pintxo-poteoan edo paseoan egiten dabez saioak. Gurasolagun izeneko egitasmoa be martxan dago, familiek euren arteko hizkuntza-ohiturak euskarara ekartzeko.

Aurtengoa Meatzaldeko Berbalagun programearen 19. edizinoa da. Igaz Meatzaldeko 120 herritarrek baino gehiagok parte hartu eben proiektuan. Danek oso ondo balorau eben egitasmoa. Adierazo eben, Berbalagunen parte hartzen dabenetik, euskara askoz gehiago erabilten dabela eta euren euskara-maila hobetu dala. Berbalagun taldeez gain, bestelako ekintzak be antolatzen dabez: mintzodromoak, tailerrak, berbaldiak, txangoak… Ekintza horreek guztiz doakoak eta irekiak dira, edozeinek hartu leike parte.

Alex Carreras-ek gogoratu dau izen-emotea beti dagoala zabalik. Izena emoteko Meatzaldeko euskaltegi edo udaletako Euskara zerbitzuetara hurreratu, edo 607 678 075 telefonora deitu edo whatsappez mezu bat bidali daiteke. Informazino gehiago: praktikatu.eus/blog/meatzaldea webgunean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00