Bizkaian egindako panettone bat Italian lehiatu da nazinoarteko final baten

Markina-Xemeingo Tate gozotegiko panettonea urteko panettone iberiko onenaren finalean lehiatu da Milanen

Martxel Iridoy: “Nahiz eta saririk ez jaso, gure autoexijentzia bardina da”

Markina-Xemeingo Tate gozotegiko panettoneek Italiara bidaiatu dabe. Milanen ospatu dan panettone artisauen lehiaketa entzutetsu baten parte hartu dabe. Ez dabe sari fisikorik ekarri etxera, baina beraientzat benetako saria esperientzia bera izan da. Martxel Iridoy gozogileak Bizkaia Irratian azaldu dauanez, lehiaketan parte hartzeko proposamena irailean jaso eben, kanpoko ekimen baten bitartez. Tate gozotegiko taldeak argi izan eban hasieratik ez eukela ezer galtzeko. Lehenengo fasean euren panettoneak bidali ebezan, eta hamar finalisten artean sailkatu ziran.

Finala Milanen jokatu zan pasa dan astean, “panettonearen sorlekuan” Iridoyk nabarmendu deusku. Espainiako eta Portugaleko gozogileakaz partekatu dau esperientzia, eta maila oso handia izan dala azpimarratu dau. Martxelek kontau dauanez, Milanera panettone bi eroan dabez: bata, txokolatezkoa, eta bestea, frutazkoa. Azken honek “identidade euskalduna” izan dau bertoko produktuak erabiliz —intxaurra, madaria, irasagarra…—, eta kritika onak jaso dauz.

Markina-Xemeingo Tate gozotegian orain hiru urte hasi ziran panettoneak egiten. Iridoyk aitortu dauanez, lehenengo urtean gauzak ez ziran guztiz ondo atera. Eten txiki bat egin eben. Igaz, barriro heldu eutsen produktuari, eta jasotako feedback-a positiboa izan zan. Aurten, Milango lehiaketak beste bultzada bat ekarri deutse, eta gozotegian hasi dira nabaritzen interesa eta eskaria gero eta handiagoa dala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00