
Kerik bako astea (maiatzaren 25etik 31ra) eta Tabakorik bako munduko eguna (maiatzak 31) dirala-eta, Mikel Baza familia medikuak tabakoaren arriskuak eta prebentzino neurriak aztertu dauz Lau Haizetara irratsaioan. Tabakoaren kontsumoak osasunean daukazan eragin kaltegarriak eta gizarte mailako ondorioak azaldu deuskuz. Argi itxi dau tabakoak lotura zuzena daukala hainbat gaixotasunakaz, hala nola, birikietako minbiziagaz, bihotzeko arazoakaz eta bestelako minbizi motakaz. Nabarmendu dau gizarte mailan erretzeari izteko borondatea handitu dala azken urteotan, baina hondino badagozala erronka handiak, batez be, gizarte maila baxuagoko pertsonen artean eta emakumeen artean.
Gazteen artean ohiko zigarroaren kontsumoa murriztu dan arren, bapeoaren edo zigarro elektronikoen erabilerak gora egin dauala ohartarazo dau Bazak. Produktu horrekiko jarrera kritikoa mantendu behar dala azpimarratu dau.
Bestalde, Osakidetzak tabakoa izteko asmotan dagozan pertsonentzat laguntza programak eskaintzen dauz. Horretarako osasun zentroetan ebaluazino pertsonalizaduak egiten dira, eta tratamendu farmakologikoak be proposatzen dira.