OPA herri plataformak salatu dauanez, Gabonakaz batera, murrizketak bueltau dira Osakidetzako Lehen Mailako Arretan. Ordutegi murrizketak, osasun zentroen itxierak eta medikurik bako zerbitzuak ohiko bihurtu dirala salatzen dabe. Egoera hau ez dala salbuespena, baizik eta egiturazko arazo baten ondorio zuzena, nabarmendu dau Mireia Saiz plataformako bozeroaleak Bizkaia Irratiko Lau Haizetara irratsaioan.
Saizen esanetan, murrizketa honeek ez dira urteko sasoi jakin batera mugatzen. Urtean bost hile baino gehiagotan aplikatzen dirala azaldu dau OPAko bozeroaleak, udan, Aste Santuan eta bestelako opor garaietan be bai. Horrek guztiak ondorio larriak daukaz herritarren osasunerako irisgarritasunean, eta Lehen Mailako Arreta ahultzen dau, osasun sistema publikoaren oinarrizko zutabea dan heinean. Osasun Sailak “kontingentzia planak” edo “zerbitzuen berrantolaketa” modura aurkezten dauazan neurriak, Saizen ustez, “hizkuntzaren erabilera maltzur” baten bidez estalitako murrizketak dira. Benetan gertatzen dana, osasun publikoaren desmantelatze progresiboa eta pribatizazinoaren aurrerapena da, Mireia Saizen eretxian.
Egoera honen aurrean, Osasungintza Publikoaren Aldeko herri plataformak mobilizazinoak egin dauz gaur eguerdian Barakaldon, Sestaon eta Elorrion, murrizketak ikusarazoteko, herritarrak kontzientziatzeko eta osasun sistema publiko duin eta kalidadezkoa aldarrikatzeko. Hilaren 19an (19:00etan) Larrabetzuko Osasun zentroaren aurreko plazan egingo dabe alkarretaratzea. OPA plataformatik Osasun Sailari murrizketak berehala eteteko eskatzen deutso, gardentasuna bermatzeko eta Lehen Mailako Arreta osasun sistemaren erdigunean jartzeko, behar besteko baliabide pertsonal eta ekonomikoakaz.
