Naiara Ozamiz eta Eneritz Jiménez EHUko Hezkuntza eta Psikologia Ebolutiboa saileko ikertzaileak dira

Emozinoak heztea eskolan, gizarte osasuntsuagoa lortzeko bidea da

Naiara Ozamiz: “Adimen emozionala eskoletatik lantzea oso garrantzitsua da”

Naiara Ozamiz eta Eneritz Jiménez / UPV/EHU / Argazkia: Fernando Casabella

Emozinoak barruko erreakzinoak dira, inguruan gertatzen diran egoeren aurrean bizitzen doguzanak. Pentsatzen doguna ezeze, gure gorputzak zelan erantzuten dauan eta sentimenduak zelan adierazten doguzan be erreakzino horreen parte dira. Jaiotzen garenetik danok bizitzen doguz emozinoak.

Emozinoek funtzino garrantzitsuak daukiez gure bizitzan. Egokitzeko funtzino bat daukie, egoerei aurre egiteko prestetan gaitue. Funtzino soziala be badaukie, besteakaz komunikatzen eta loturak eratzen laguntzen deuskuelako. Eta azkenik, motibatzeko funtzinoa daukie, emozinoa eta motibazinoa alkarri lotuta dagozalako.

Denbora luzean adimena eta emozinoak banatuta aztertu izan dira. Adimena eremu akademikoan kokatu zan, eta emozinoak, barriz, eremu psikologikoan. Naiara Ozamiz eta Eneritz Jiménez ikertzaileek adimen emozionalaren inguruan idatzi dabe artikulua The Conversation atarian. Adimen emozionalaren kontzeptua Saloveyk eta Mayerrek taiutu eben 1990. urtean, eta Daniel Golemanek hedatu eban 1998an.

Naiara Ozamizek Lau Haizetara irratsaioan azaldu dauanez, emozinoek garrantzi handia daukie ikasleen garapenean, bai errendimendu akademikorako baina baita euren ongizate orokorrerako be. “Adimen emozionalak osasun mental hobea izaten laguntzen deusku” azpimarratu deusku Ozamizek. Azken urteotan antsiedadea edo depresinoa moduko gaixotasunak nabarmen areagotu dira, gazteen artean batez be, eta Osasunaren Mundu Erakundearen kezkarik handienetako bat dira gaur egun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00