Naiara Uriartek Errastiko okindegiaren proiektuaren barri emon dau Goizeko Izarretan irratsaioan. Uriartek, Xabi Abasolo Etxaberekin batera, makrobiotikan oinarritutako ogi ekologikoa ekoizten dau. 2018an hasi ziren ogia ekoizten, eta, nahiz eta hasierak beti gogorrak izan, pandemiak bultzada handia ekarri eutsen. Garai hartan, jendearentzat ogia oinarrizko elikagai bihurtu zala azaldu dau Naiara Uriartek. “Egun horreetan, gure produktuak gero eta gehiago eskatu ebezan eta ordutik hona etengabe hazi gara” azaldu dau Arrasateko okinak.
Errastiko okindegian egiten daben ogiak berezitasun asko daukaz: prozesu naturala jarraitzen dabe eta urun ekologikoak erabilten dabez. “Gure ogiak labe birakari batean egiten dira, egurreagaz berotutakoan, baina ogiak eta egurrak ez dabe kontakturik” azaldu dau Uriartek. Horrek guztiak ogiari zapore berezia eta kalidade goreneko maila emoten deutsoz.
Era berean, Errastiko ogiak aukera zabala eskaintzen dau. Besteak beste, barra integrala, sesamo edo fruitu lehorrakaz egindako ogiak eta kurkuma, mahaspasak eta intxaurrakaz osatutako ogi bereziak dabez. Uriartek ogiaren garrantziaz ohartarazo dau, eta jendeari kalidadeko produktuak aukeratzeko deia egin deutso: “Ogia egunero jaten dugu etxe askotan, baina askotan ez deutsagu behar besteko arretea emoten. Gure ogia, adibidez, hiru egunez kontsumitzeko pentsatuta dago, egun bateko ogi huts bat ez baita” esan dau Errastiko okindegiko kideak.