
Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatutako Klasikoen Irakurketa eten bakoaren XVIII. edizinoa egin da gaur. Aurtengo irakurtaldiak Bizenta Mogelen Ipui Onac obrea izan dau protagonista. Mogelek 1804. urtean argitaratu eban liburu hau, 22 urte eukazala. Emakume batek euskeraz argitaratutako lehenengo liburua izan zan.
Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Laboral Kutxa babesten daben ekimena Arriaga Antzokian egin da, goizeko 10:00etatik 14:00etara. Ehunka pertsona txandakatu dira Mogelek 1804an argitaratutako liburua irakurtzeko.
Bizkaia Irratia Arriaga antzokian egon da, eta pertsona askogaz berba egiteko aukerea euki dogu: Nerea Ibarzabal, Paulo Alberdi (irakurraldiaren koordinatzailea), Eider Inunziaga (Bilboko Udaleko zinegotzia), Kinku Zinkunegi (Etxepare Institutuko kidea), Laida Erro (Bilbo Zaharreko ikaslea), Isabel Larrakoetxea eta Iban Urrutia.
Nerea Ibarzabalek emon deutso hasierea irakurtaldiari. Gure mikrofonoetan kontau deuskunez, berarentzako berezia izan da eta aldarrikapen eguna dala be esan deusku. “Emakume batek bere sinadureagaz idatzi eban lehen emakumea da, baina horrek ez dau nahi esan aurretik emakume sortzailerik egon ez zanik” azpimarratu dau Ibarzabalek.