Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako BBNNetan jeltzale eta sozialistek aurkeztutakoa ez da erreforma fiskal bat EH Bilduren eretxian. Erreforma sakon bat behar dala esan dau Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideak Goizeko Izarretan irratsaioan. “Atzo aurkeztu euskuena ez da erreforma fiskala, erretoke fiskala da, kenkarien zerrenda luze bat. Indarrean dagoan fiskalidadea PPgaz 2017an adostutako fiskalidadea da, mundua asko aldatu da eta erreforma fiskal sakonagoa behar da” esan dau Kortajarenak.
EH Bilduren Legebiltzarreko bozeroaleak Europako herrialde gehienetan erreforma sakon bat egin dabela eta gurean hori falta dala azpimarratu dau. Kortajarenaren berbetan, Jaurlaritzak aurkeztu barri dauen aurrekontuen proposamenak agerian izten dau zer behar dan. EH Bilduk sailburuari eroango deutson proposamenaz itaunduta, koalizinoaren lehentasunak zeintzuk diran gogoratu deusku gaur Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideak. “Guretzat etxebizitzaren arloa ezinbestekoa da, egoerak arlo horretan jauzia emotea eskatzen dau. Soldaten eta zaintzen gaietan bide bat egiteko aukerea ikusten dogu, baita trantsizino energetikoen politketan be. Honeetan aldaketa estrukturalak behar dira” esan dau Nerea Kortajarenak.
Zemendiaren 23ko manifestazinoa
EH Bilduk hilaren 23an kalera urtengo dau. Bilbon “Nazinoa gara” lelopean manifestazinoa egingo dabe. “Eguneroko politikek burujaubetza eskatzen dabe, guk hemen erabagi ahal izatea eskatzen dabe. Inoiz baino agerikoagoa da gurea oso mutilatua dagoan autogobernua dala. Gure eskubideak defendetako eta herri bat garela aldarrikatzeko azaroaren 23an Bilboko kaleetan egongo gara” esan dau Kortajarenak.