Gaur Bilboko mobikortasun eta jasangarritasun kontuen ganean berba egin dogu Goizeko Izarretan irratsaioan. Horretarako, Nora Abete, Bilboko Udaleko alkateordea eta Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotzia izan dogu gure estudioan. PSOEko Batzorde Federaleko kidea da Nora Abete eta nazinoarteko gaiak erdigunean dirala, Ameriketako Estadu Batuen mehatxuen inguruan be galdetu deutsagu. Nora Abetek egi ez bihurtzea itxaroten badau be, pentsetan dau gehiago jakiteko itxaron beharko dogula.
Bilboko mobikortasunak protagonismoa izan dau hainbat udalbatzetan eta gaurkoan uriko jasangarritasunari buruz berba egiteko aukera izan dogu. “Emisino Gitxien Eremua jarri gendunetik, progresiboki, lehenengo fase biak pasau doguz. Orain guztiz martxan dago eta ondorioak, momentuz, onak dira“, esan dau Nora Abetek. Hurrengo fasea 2030. urtean hasiko da eta Nora Abetek adierazo dau Munduko Osasun Erakundeko neurriak aztertuko dabezala, airearen kalidadea hobetzeko eta mugara heltzea lortzeko.
Emisinoak murrizteko komenigarria da bizikletaren erabilera indartzea. Horretarako bidegorrien sarea handitzen dabilz eta bizikleten zerbitzua hobetu gura dabe. “Bilbaobizi zerbitzu barriagaz oso pozik gagoz ze jentea erabilten ari da eta oso ondo ikusten dau zerbitzu barria“, azaldu dau Abetek. Aurten Bilbaobiziko 20 puntu gehiago zabalduko dabez Bilboko auzo desberdinetan eta 1.200 bizikleta izango dauz Bilbok, orain daukan ia bikotxa.
