Asla taldeko Oier Asla ahots eta gitarra-joleak kontzertu asko entzun ditu Kafe Antzokian eta jo be egin nahi leuke

'Nire Eguzkia' lehen lana kalean dauka Asla taldeak, eta 'Leihoak' kantuaren bideoklipa prestatzen dabil

Oier Asla: “Bilboko Kafe Antzokian jotea aukera polita izango litzateke”

Asla musika taldea / Bizkaia Irratia

Asla musika taldeak lehen diskoa dauka kalean: ‘Nire Eguzkia’. Abenduan plazaratu eben Durangoko Azokarako. Azkenean, ozta-ozta ibili zirala esan deusku Oier Asla ahots eta gitarra-joleak. Herriz Herri saioan egin dogu berba beragaz, Etxebarrin. Asla Bilbon jaioa da (1978) eta Etxebarrin bizi da. Maldan taldean hasi eban musikako ibilbidea. Gero bakarka ekin eutsan. Orduantxe sortu zan Asla egitasmoa. Bakarrean ibiltetik bikotera emon eban lehen pausoa. Orain boskoetea dira. Gurutze, Danel, Asier eta Andres dira Asla taldeko beste kideak.

‘Nire Eguzkia’ lana da euren lehen diskoa. Guztira, 10 kantu dira. Danak, euskeraz. Gaur egun, hainbat hizkuntzatan kantetako aukerea egiten dabe talde eta kantari batzuek. Oier Aslak argi dauka. Berak euskeraz kantau nahi dau. Musika moteari buruz berbetan hasi ezkero, pop-rocka egiten dabela dinosku. ‘Kantatu’, ‘Desioen Irla’ eta ‘Leihoak’ dira beste kantuetariko batzuk.

Asla taldeak ‘Leihoak‘ kantua aukeratu dau bideoklipa egiteko. Horretxetan dabilz buru-belarri. Baina, nahi baino beranduago urtengo dau kalera. Maiatz erdian kalean egongo dalakoan dago Oier. Halan esan deusku. Kontzertuen gainean be egin dogu berba. Oso gustuko ditu, joteko zein entzuteko. Hori bai, onartu dau ez dala sasoi erreza kontzertuak emoteko. Ametsetako kontzertua zein izango leuken itaunduta, Bilbon jotea gustauko litxakola esan deusku. Bilboko Kafe Antzokian, kontzertu askotan egon dala ta, han jotea polita izango litzatekela nabarmendu deusku.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular