Gazteen Gaixotasun Erreumatikoen Munduko Eguna da martiaren 18a. Hori dala eta, erreuma kontuak jorratu doguz gaurkoan Bizkaia Irratian. Gatx zabaldua da pertsona nagusien artean, baina bazenkian ume eta gazteek be holako arazoak euki leikiezala? Hain zuzen be, gai honen inguruan informazinoa zabaltzeko eta kontzientzia eragiteko helburuagaz antolatzen da gaurko eguna. Ganera, badagoz ume eta gazteen erreumatologian adituak diran espezialistak be, tartean, Olaia Berrizbeitia.
Dinogunez, normalean erreumagaz zerikusia daben gaixotasunak pertsona nagusiekaz lotzen doguz, baina ume eta gazteen artean be geuk uste baino gehiago agertzen dira holako arazoak: “Gaixotasun erreumatiko gehienak gazterian agertzen dira”. Berrizbeitiak erreumatologiagaz zerikusia daben gaixotasunik ohikoenetariko batzuk aitatu deuskuz: Haurtzaroko Artritis Idiopatikoa, PFAPA sindromea, lupusa eta dermatomiositisa.
Gaixotasunari aurre egiteko, diagnostikoa ahalik eta arinen egitea garrantzitsua da: “Hasierako fasean gaixotasuna lokartzen bada, pronostikoa hobetu egiten da eta konplikazino gitxiago dagoz”. Ganera, asko aurreratu da tratamenduetan, batez be, 2000. urtetik aurrera. Hori dala eta, kasu gehienetan, gaixotasun erreumatikoak dabezan ume eta gazteek bizitza normala egin ahal dabe, ezelango arazo barik.
