Javier Moreno Lorenzo organojolea eta Musikeneko Orkestra Sinfonikoa izango dira azken kontzertuko protagonistak

Abenduaren 7an 'Talentu gaztea & Poulenc - Musikene' kontzertuak emongo deutso amaierea zikloaren bigarren edizinoari

‘Organo kontzertuak’ zikloa amaitzear

'Organoa eta Haur Koruen Ahotsak - Bizkaia kantuan' kontzertua / Euskalduna Bilbao - Argazkia: Ibai Armentia

Euskalduna Bilbaoko Auditoriumeko organoa bere ikur nagusienetako bat da: soinu ederrak sortzeko gai dan tresna ikusgarria da. Euskalduna Bilbaok organo honi merezi dauan arreta emon gura deutso, ikusgai egin eta ohiko errepertorioetatik harago joateko gaitasuna daukala erakutsi gura dau. Helburu horregaz, organo-kontzertuetako ziklo bat antolatu dabe bigarren urtez jarraian, bertoko talentuaren protagonismo handiagaz eta nazinoarteko organista ospetsuen parte-hartzeagaz.

Organo kontzertuak zikloaren aurtengo edizinoa urriaren 5ean hasi zan, kontzertu berezi bategaz. Euskaldunako Auditoriumeko organo ikusgarria lehenengoz entzun zan Bizkaiko bost haur koruren ahotsakaz batera. Organoa eta Haur Koruen Ahotsak – Bizkaia kantuan  izenburupean, Ignaco Arakistain eta Xabier Urtasun organistakaz batera, 8 eta 16 urte arteko 180 neska-mutil bildu ziran eszenatokian. Bigarren emonaldia zemendiaren 2an izan zan. Thomas Ospital nazinoarteko musikari ospetsuak Andoni Egaña eta Maialen Lujanbioren bertsolaritzeagaz bat egin eban, Bertso-inprobisazio kontzertua – Maurice Raveli omenaldia ikuskizunean. Zikloa Talentu gaztea & Poulenc – Musikene kontzertu bereziagaz amaituko da abenduaren 7an: Javier Moreno Lorenzo organojole eta Musikeneko organo ikaslea izango da protagonista, eta Fp. 93 Organorako, Timbalentzako eta Harientzako kontzertua interpretauko dau Musikene Orkestra Sinfonikoaren laguntzaz.

Mikel Ansola zikloko koordinatzaile musikalak Bizkaia Irratian nabarmendu dauanez, igaz, Euskalduna Bilbaoren 25. urteurrenaren harira antolatu zan lehenengoz zikloa. Orduko kontzertu bien harrerak erakutsi eban organoak badaukala bere bidea egiteko espazioa eta publiko barriak erakartzeko gaitasuna. Etorkizunera begira, hondino erabakitzeko dagoan arren, Ansolak argi ikusten dau Euskalduna jauregiko organoa Europako gorengo musika antzokietako instrumentuen parean dagoala, eta organoak bere bizitasuna mantenduko dauala hurrengo urteetan proiektu edo proposamen barriakaz batera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00