Baso sektoreak Euskadiko Barne Produktu Gordinaren %1,5 suposatzen dau eta 19.000 lanpostu sortzen dauz. Oskar Azkarate, Baskegurreko zuzendaria, Bizkaia Irratian izan da baso sektorearen egoerea eta etorkizuneko erronkak aztertzen. Basogintzeari jagokonean, Bizkaiko Batzar Nagusietan baso politika barria jorratzen dabilz eta hainbat aditu izan dira bertan euren eretxia emoten. “Etorkizunean egurrak funtsezko papera izango dau bioekonomian eta sektorea jasangarritasunean oinarritutako eredu baterantz doa” azpimarratu dau Oskar Azkaratek.
Basogintzaren sektorea eta etorkizuneko erronkak
Azkaratek azaldu dau egurra hainbat sektoretan erabilten dala: eraikuntzan, papergintzan, altzarigintzan eta ontziratze-industrialean. “Logistikarako erabileran egurraren erabilerea nabarmen igon da, plastikozko eta petrolio-jatorriko ontziak ordezkatuz. Euskadin dogun lehen gai nagusietakoa egurra da eta jasangarritasuna oinarri hartuta, etorkizun oparoa ikusten deutsagu” adierazo dau
Eraikuntza arloan be, Europan eta estadu mailan egurraren aldeko apustua gero eta nabarmenagoa dala dino Baskegurreko buruak. “Bartzelonan eta Galizian dagoeneko badago egurraren erabilera sustatzeko apostu sendoa eta Euskadin bere norabide horretan urratsak emoten ari gara”, azaldu dau.
Basogintza jasangarria eta politika barriak
BBNNek basogintzearen etorkizuna zehazteko Foru Dekretuaren zirriborro bat aurkeztu dabe. Dokumentu horretan, espezien aniztasuna, basoen arteko konektibidadea eta lurraren babesa lako elementuak jorratzen dira. Azkaratek nabarmendu dau basoen kudeaketa estrategiko eta iraunkorra beharrezkoa dala. Aldi berean, espezien debekuaren aurka agertu da.
“Euskadin eukaliptoa erabilten dauen enpresa bakarra dago eta debekuak ez leuskio arazoari konponbiderik emongo. Basogintzak errentagarritasuna behar dau eta jaube pribaduei aukerak emon behar jakez. Bestela, arazo nagusia abandonua izango da” ohartarazo dau Azkaratek. Bestalde, basoen belaunaldi aldaketea be kezka iturri da sektorearentzat. “Gaur egun, gero eta gazte gitxiagok jarraitzen dau basoen kudeaketan eta hori landu behar dogu. Erronka gazteei lan egiteko aukera erakargarriak eskaintzea da” azaldu dau Baskegurreko bozeroaleak.