
‘Egurraren Herria. Bosque Country’ kanpaina ibiltaria Bizkaira heldu da. Gasteizen joan dan urriaren 1ean martxan jarri zan unidade mugikorra orain Bilbon dago, Bizkaian barrena ibilbidea jarraitzeko, azaroaren 7ra arte. Helburua baso eta egur sektorea herritarrei hurreratzea da. Oskar Azkarate Baskegurreko zuzendaria pozik agertu da orain arte jasotako erantzunagaz. Ganera, sektoreak bizi dauan gorakadaren ganean egin deusku berba: “Egurra materialik interesgarriena izan daiteke etorkizunean”.
Izan be, basoak garrantzia handia dauka gurean, Euskadiren %55 basoa da-eta. Dana dala, baso pribaduak dira kasurik gehienetan, eta horreetan kudeaketa egokia egitea oso garrantzitsua da. Ganera, orain dala urte batzuk pinuaren banda marroia euki genduan. Horrek aldaketak eragin ebazan geure landaketan.
Alkarlanaren emaitza
‘Egurraren Herria. Bosque Country’ ekimena PEFC Euskadik, hiru Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak bultzatzen dabe, Hazi Fundazinoaren eta Baskegurren laguntzagaz. Unidade mugikorra Europar Batasuneko Next Generation funtsen bidez finantzatu da, Trantsizino Ekologikoaren eta Erronka Demografikoaren Ministerioaren Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan.