Gerra Zibileko kulturea aztergai, 90. urteurrenean

EHUko Gabriel Aresti Katedrak 'Kultura Gera Zibilean (1936-1939)' liburua argitaratu dau

Patxi Juaristi: “Memoriak errealidadea hobeto ulertzen erakusten deusku”

Patxi Juaristi, Beatriz Zabalondo eta Leyre Arrieta / EHU

2026. urtean 90 urte betetzen dira Gerra Zibila hasi zanetik, eta urteurren esanguratsu horren harira, EHUko Gabriel Aresti Katedrak gerra sasoian kulturak izan eban papera aztertzen dauan lan kolektiboa aurkeztu dau: Kultura Gerra Zibilean (1936-1939)Patxi Juaristi Katedrako zuzendariak azaldu dauanez, proiektuaren atzean arrazoi nagusi bi egon dira. Batetik, 90. urteurrenak eskaintzen dauan abagunea baliatu gura izan dabe, efemeride garrantzitsua dalako eta Gerra Zibilaren inguruan ekarpen akademiko sendo bat egitea beharrezkoa dalako. Bestetik, katedraren helburuetako bat, Gabriel Aresti bere testuinguruan hobeto ulertzea da. Aresti 1950eko hamarkadan hasi zan idazten, baina Juaristik nabarmendu dauanez, ezinbestekoa da aurretik gertautakoa ezagutzea, bere lana sakonago interpretatzeko.

Kultura Gerra Zibilean (1936-1939) liburuan diziplina anitzeko ikerlariek hartu dabe parte (historialariak, kazetariak, Arte Ederretan graduaduak, soziologoak, filosofoak, antropologoak…). Kulturea zentzu zabalean ulertuta, 15 artikulu idatzi dabez. Askotariko adierazpide kultural aztertzen dira: artea, musika, dantza, arkitektura eta urigintza, antzerkia, bertsolaritzea… Helburu nagusietako bat memoria historikoa lantzea izan da. “Memoriak errealidadea hobeto ulertzen erakusten deusku”, azpimarratu dau Patxi Juaristik.

Gabriel Aresti Katedra euskal kulturaren ikerkuntzari, sorkuntza artistikoari eta dibulgazinoari lotutako unibertsidade katedra bat da. 2023an jaio zan, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta EHUko Bizkaiko Campusaren ekimenez. Katedrak izen bereko intelektual eta kulturgilearen irudia eta obra ezagutarazo gura dau, batez be, unibertsidadeko ikasleen artean. Horregaz batera, katedraren helburu garrantzitsua da euskal kulturaren inguruko gogoeta eta azterketak bultzatzea, eta baita euskal kulturaren memoria jorratzea be.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00