Euskal Herriko Unibertsitateko Plentziako Itsas Estazioko hainbat irakasle eta ikertzaileek Kontuz! Ez nazazu zapaldu! proiektua jarri dabe abian. Ekimenak izaera pedagogikoa dau, eta hondartzen ingurumenaren garrantziaz kontzientziatu nahi dau. Proiektu hau Lehen Hezkuntzako azken urteetako eta DBHko ikasleei zuzenduta dago. Aisialdi mota guztietako erakunde eta alkarteei eta kultura, gizarte edo ekintza komunitarioko talde inklusiboei bere luzatu jake parte hartzeko aukera, ezagutza zientifikoan aurrera egiten lagundu eta STEAM proiektuetan parte hartu nahi badabe.
Ekimenak euskal kostaldeari buruzko ezagutza zientifikoa hobetzen lagundu nahi dau, arreta, batetik, eskala mikroskopikoko biodibertsitatean (meiofauna eta mikroalgak) eta, bestetik, biodibertsitate hori arriskuan jarten daben egoeretan (mikroplastikoak, kasu honetan) jarriz. Hori guztia helburu nagusia lortzeko: Hondartzen eta itsasoen ingurumenaren garrantziaz sentsibilizatzea.
Harrera bikaina izan dau: 20 ikastetxek agertu dabe parte hartzeko asmoa, eta guztira 900 ikasle baino gehiagok hartuko dabe parte proiektuan. Hezkuntza arautuaz kanpoko hainbat alkartek bere helarazi parte hartzeko nahia erakutzi dabe. Hezkuntza ez formaleko taldeentzat epea zabalik egongo da barriro urtarrilaren 16tik 28ra arte.
Behin izen–emote epeak amaitu ondoren, Plentziako Itsas Estazioko ikerketa-lerro desberdinetako irakasle eta ikertzaileek doako prestakuntza eskainiko deutse parte hartuko daben taldeetako irakasle eta arduradunei STEAM proiektu hau gauzatzeko. Prestakuntza ikastaro teoriko-praktiko baten bidez egingo da, bertan parte hartzaileei euskal kostaldeko hondartzetan laginketak modu autonomoan zelan egin azalduko jake, diziplina anitzeko
protokolo zientifikoak jarraituz.