La Dramatica Errante konpainia Bilboko BBK Salara bueltau da orain 6 hile bertan estreinautako R&J antzezlanagaz. Shakespeare-ren Romeo eta Julieta klasikoaren ganeko barrikuspen garaikidetzat hartu daiteke antzezlana. Maria Goiricelaya arduratu da egokitzapena egiteaz eta zuzentzeaz. Aktore lanetan, barriz, Ane Pikaza, Aitor Borobia, Nagore Gonzalez, Egoitz Sanchez eta Luix Mitxelena ari dira. Azken bi honeek esan deuskuenez, orain arte, harrera oso ona izan dau antzezlanak.
Istorioak tartekatuta
Maitasun istorio bat baino gehiago azaltzen dira lan honetan, maitasuna ikuspegi askotatik azaltzen da. Hiru bikote garaikide dira protagonista. Pertsonaiak etengabe aldatzen doaz. Ikuskizun korala dala azaldu deuskue aktore biek. Azpimarratzekoa da antzezlanaren eszenografia eta jantzi proposamen apurtzaileak. Azegiñe Urigoitia da jantzien arduraduna. Ustebako musika-hautaketak eta soinu-espazioak be nabarmendu behar dira. Ibon Belandiaren ardurea izan da musikea. Gaur eta bihar gaztelaniaz eskeiniko dabe Bilboko BBK Salan R&J antzezlana. Domekan euskeraz izango da. Aurrera begira, agendan, hitzordu bat baino gehiago daukie oraindino.
