Ondarroa-Bilbo-Ondarroa itsas erronka barria

Andrak Erramutan taldeak begibistan dauka erronka barria

Rosana Goikoetxea: “Arraunak ez dau bakarrik indarra eskatzen, talde lana da giltza”

Igaz, garagarrileko lehenengo astegoienean, Ondarroako Andrak Erramutan taldeak Ondarroa-Donostia-Ondarroa itsas joan-etorria egin eban arraunean. Ez ziran lehenengoak izan, Orioko emakume batzuk izan ziran aitzindariak. 2018an Orioko emakume arraunlari talde batek Orio-Bilbo-Orio egin eban. Bilbotik bueltan, Ondarroan geratu ziran eta oriotarren balentria ezagututa, “zeatxik ez?” pentsatu eben ondarrutarrek.

2023an sortu zan Ondarroako Andrak Erramutan taldea. Rosana Goikoetxea taldeko kideak azaldu dauanez, 45 urtetik gorako herriko emakume guztiei zabaldu jaken deialdia. Hasiera baten 60 bat batu ziran,  eta gero 38k jarraitu eben ideiari forma emoten. Ikusi eben baegoala gogoa eta indarra zeozer egiteko. Orduan burutu eben lehenengo itsas erronka: aitatutako Ondarroa-Donostia-Ondarroa. Mugarri izan zan. “Inork ez eban pentsetan gai ginala, baina lortu gendun” esan eusku Rosana Goikoetxeak, “esperientzia gogorra baina aldi berean ederra”.

Aurten prest daukie bigarren erronka. Ondarroatik Bilbora arraunean egingo dabe garagarrileko lehenengo astegoienean. Garagarrilaren 4an goizeko 08:00etan urtengo dabe Ondarroako portutik Bilborantza. Bizkaiko uriburutik Ondarroarako bueltako bidean, geldialdiak egingo dabez Bermeon (garagarrilaren 5ean) eta Lekeition (garagarrilaren 6an) euren proiektua aurkezteko. Garagarrilaren 6an, 19:00etan, etxera iristea aurreikusten dabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00