Bost hilabete igaro dira Iñigo Ruiz de Galarreta Athleticera itzuli zanetik, Bilbotik kanpo hamar urte luzez egon ondoren. Zelaian zelan jokatzen dabilen ikusita, inork ez leuke esango Ernesto Valverderen taldera iritsi barria danik. Hasieratik euki dau entrenatzailearen konfiantza osoa eta erantzun bikaina emon deutso zelaian. Giharretako lesino arin batek atseden hartzera behartu eban arren, hamaikakora itzuli da Mikel Vesgagaz batera bikotea osatzeko talde zuri-gorriaren zelai erdian.
Pozik dago Athleticek egin dauen liga hasiereagaz eta baikor dago etorkizunari begira, taldea indartsu ikusten dauelako. Ganera, disfrutatzen dabilela dino bere bihotzeko taldean. Halanda be, autokritika egiten dau ondo baino hobeto dakielako gol gehiegi jaso dabezala ligako azken partiduetan. “Aldagela barruan daukagun autoexijentzia mailea oso handia da eta badakigu liga hasierako partiduetan erakutsi genduan sendotasuna berreskuratu behar dogula sailkapeneko goialdean segidu gura badogu” adierazi dau Ruiz de Galarretan Bizkaia Irratiko Jokoan kirol tartean.
Egun biko atsedenaren ostean Athleticeko jokalariak lanera itzuli dira Lezaman datorren astelehenean Girona liderraren zelaian jokatuko daben partidua prestatzeko. Iñigo Ruiz de Galarretak talde kataluniarrak egindako liga hasierea goraipatu arren, garbi dino Athletic gauza dala hiru puntuak eskuratzeko Montilivin.
Benetan gustora egon gara Iñigo Ruiz de Galarretagaz Lezaman euki dogun barriketaldian.