Orain hilabete inguru kaleratu eban Ruper Ordorikak bere 24. diskoa, Lurra ikutu barik. Hamaika kanta barri dagoz bertan. Lan hau sortzerakoan, burua libre izten saiatu dala esan deusku. Tonino Guerra, Javier Aguirre Gandarias edo Eva Linazasororen testuak musikatu dauz oraingoan Ordorikak. Testamentu Zaharreko pasarteak be bai. Berbetan, oraingoan, bere sentimenduak, inozkorik gehien azaltzen dirala esan deusku. Normalean, testuakaz topo eginda erabagitzen dau berba horreek musikatzea. ‘Lurra ikutu barik’ izenburua, Lauxetaren testu batetik ataratakoa dala esan deusku eta esaldi aproposena zala diskoari izena emoteko. Azala barriz, Ramon Zuriarrainen margolan bat dala esan behar.
Grabaketa eta zuzenekoak
Victor Sanchez soinu teknikariak grabau eta nahastau dau lan barria. Kenny Wolfensen, Leo Abrahams eta John Thorne musikariakaz batera grabau dau lana. Wolfesenen kasuan, esan behar, bateriaz gain, bibrafonoa be joten dauala eta instrumentu hau abesti askotan agertzen dala. Arkaitz Miner eta Dani Perez mugalariak be badagoz disko honetan. Durangoko Azokan izango da Ruper Ordorika abenduaren 5ean. Zaleakaz egoteko erea izango dau egun horretan, diskoak sinatuz, besteak beste. Lana aurkezteko birea abenduaren 7an hasiko da. Larzabalen eskeiniko dau kontzertua, Behe Nafarroan. Donostian izango da abenduaren 13an eta 20an Bilboko Kafe Antzokian. Arrasaten, Azkoitian eta Gasteizen be izango da urtarrilera bitartean, eta zezeilean Bizkaira bueltatuko da, Santurtzira besteak beste.
Spotify
LP eta CD formatoetan argitaratu da Ruper Ordorikaren Lurra ikutu barik diskoa. Musikari oñatiarrak Spotify plataforma digitalean ez argitaratzea erabagi eben bere kabuz. Ostean etorri da hainbat euskal musikarik hartutako erabagia. Gai honek zalantzak eragiten deutsozala aitortu dau.
