
San Juan baleontziaren erreplikaren barrukaldea ikusgai dago, lehenengoz, Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktorian. Hamaika urteko lanaren ostean, botadura aurreko momentu honetan, jenteari ontziaren bihotza bertatik behera ezagutzeko aukerea eskainiko jako. Enara Novillo Albaolako komunikazino arduradunak Lau Haizetara irratsaioan azaldu dauanez, bisitarien eskaereari erantzunez egingo dira bisita gidatu honeek. Esperientzia oso berezia antolatu dabe.
San Juan baleontzia XVI. mendean eregi zan Pasaiako portuan, eta Kanadara joan zan baleak ehizatzera. Han hondoratu egin zan, eta ia 500 urte geroago topatu eben. Aurkikuntza horri esker, itsasontziaren ezaugarri guztiak zehaztasun osoz aztertu ahal izan ebezan, eta horren ondorioz abiatu eben erreplikaren eraikuntzea 2014an. Novillok azaldu duenez, “hamaika urteko bidea izan da, eta emozinoz bizi dogu fase barri hau”. Botadura teknikoa aurten egingo dabe, uda ostean, baina ontziak bertan jarraituko dau hondino lanean eta osogarriak jartzen.
Bisita gidatuak abuztuan eta irailean (irailaren 21era arte) izango dira, martitzenetik domekara. Talde txikitan egingo dira —10 pertsonako taldetan—, eta lau hizkuntzatan eskainiko dira (euskera, gaztelania, frantsesa eta ingelesa). Bisitan parte hartzeko gitxieneko edadea 8 urtekoa da. Aldez aurretik erreserbatu behar da www.albaola.org webgunean.
San Juan baleontziaren erreplika honek UNESCOren babes ofiziala dauka, eta horrez gain, Albaola Jardunbide Egokien ziurtagiriagaz saritu dau organismoak itsas kultur ondarearen zaintzan. Holango erakundeek euren lana baloratzea eta erreferente bihurtzea, eurentzat benetan pozgarria dala gaineratu dau Enara Novillok.