Eremuz Kanpo (1x20): 'Shrek'

Maitatuak izatea merezi dogula erakutsiko deuskue ogro berde, asto kantsagarri eta printzesa berezi batek

Shrek (2001): Ipuin ausart eta berdea

Shrek pelikula 2001ean estreinau zan, Andrew Adamson eta Vicky Jensonek zuzenduta. Mike Myers, Eddie Murphy eta Cameron Diaz aktoreak batzen dauz animazinozko pelikula honek. Nazinoarteko arrakasta ikusita, Shrek fenomenoak aurrera egin eban eta berdez margotu eban mundua. Izan be, Oscar saria irabaztea lortu eban, animazinozko pelikula onenaren kategorian.

Baina DreamWorksen maisulanaren jatorria ulertzeko, Jeffrey Katzenbergen ibilbidea azaltzea beharrezkoa da. Paramount eta Warner Bros ekoiztetxetan egon eta gero, Katzenberg Disneyko zuzendaritzara heldu zan. Frank Wells eta Michael Eisner zuzendari orokorraren itzalpean, hain zuzen be. Gizon honegaz hasi zan Disneyren urrezko ziklo barria: La Bella y la Bestia, La Sirenita eta El Rey León lanen atzean egoalako Katzenberg. Zoritxarrez, Wells aireko istripu baten hil egin zan 1994an, bere postua libre itxiz. Ordezkari bila hasi ziranean, eta Eisnerrek bere izena baztertu ebala jakitean, Katzenbergek Disneytik alde egin eban. Mendeku modura, DreamWorks ekoiztetxea ireki eban, Steven Spielberg eta David Geffenen laguntzagaz. Hortik aurrera, animazino korronte barria sortu zan, Madagascar edo Kung Fu Panda moduko pelikulak ekoiztean.

Beraz, Shrek Disneyren pelikulen kontra egiteko satira dala esan geinke. Printzesen ipuinen estereotipoei bueltea emoten deutse, heroi berezi bat aurkeztuz. Izan be, edertasunagaz lotuta dago pelikularen mezu nagusia. Sortzaileen arabera, danok sentitzen gara itsusi, motz, era batera ala bestera. Kontua da zelan egiten deutsagun aurre inseguridade horreri. Shrek eta Fionaren kasuak aztertuko doguz, diferenteak dira-eta.

Soinu-banda ikonikoari aitamen berezia egingo deutsagu, sekretu asko ezkutatzen diralako. Eta tesi finala landuko dogu amaitzeko: ipunetako amodiozko istorioak ez dirala errealak, baina horrek ez dau esan nahi maitasuna irreala danik. Maitatzea besteen inperfekzinoak onartzean oinarritzen da, hain zuzen be. Beraz, Jeffrey Katzenbergen helburua bete zan: Shrek ez da La Bella y la Bestia, “La Bestia y la Bestia” baizik, baina ederrak aldi berean.

Netflix eta Filmin-en ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00