Osakidetzako Emergentzietako hainbat profesional-taldek biktima askoko istripu baten simulakroan hartu eben parte urtarrilaren 23an, Iurretan, Bizkaiko Foru Aldundiko suhitzaileakaz batera. Iurretako suhiltzaileen parkean egindako simulakroan, benetako emergentziazko egoera bat simulatzen dan eszenatokia erreproduzidu zan. Kasu honetan, autobus baten trafiko-istripu larria. Simulakroan, danetara, Osakidetzako Emergentziak erakundeko 30 bat profesionalek parte hartu eben, Bizkaiko Foru Aldundiko 15-20 suhiltzalegaz batera. Emergentzietako 8 laguntza-ibilgailu be erabili ziran.
Joseba Uriarte Emergentziak erakundeko Biktima Anitzeko Gertakarien lantaldeko koordinatzaileak Bizkaia Irratian azaldu dauanez, ondo joan zan simulakroa. Holango ariketak beharrezkoak dira, besteak beste, larrialdi-zerbitzuen erantzuteko gaitasuna mugara eroateko, eta diziplina diferenteetako profesionalen arteko koordinazinoa eta komunikazinoa indartzeko eta hobetzeko. Simulakro-ariketa honi esker, triaje-protokoloen (sailkapena) eta zaurituak ebakuatzeko protokoloen eraginkortasuna ebaluau ebezan. Biktimak in situ sortutako osasun-eremuetara eroateko dispositiboen eraginkortasuna be egiaztatu ebezan. Zailtasun handiko entrenamenduen helburua, hondamendien aurrean erantzun eraginkor eta koordinatua bermatzea dala azpimarratu deusku Joseba Uriartek. Holakoetan izaten diran gabeziak ikusteko balio dabe. Igaz, 2025. urtean, guztira, 12 simulakro egin ebezan, besteak beste, aireportuetan eta tren zerbitzuetan.
