Grupo Arena enpresak 6 haize errota jarri gura dauz Bermeon, Meñakan eta Arrietan

SOS Sollube plataformak 3.000 herri alegazino baino gehiago aurkeztu dauz Sollube-gane proiektu eolikoaren kontra

SOS Sollube: “Egin behar dan lehenengo pausua herria informatzea da, eta hori ez da bete”

SOS Sollube herri-plataformea Sollube-gane proiektu eolikoaren kontra agertu da. Zemendiaren 10ean 3.000 herri alegazinotik gora aurkeztu ebazan Industria Administrazinoaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzearen aurrean. Urigintza- eta ingurumen-eraginak baloratzeko alegazino teknikoak be aurkeztu ebezan. Grupo Arena enpresak 195 metroko sei haize errota jarri gura dauz Bermeo, Meñaka eta Arrietako landa-guneetatik 500 metro eskasera. Hortaz ganera, 12,5 km-ko linea elektrikoak Fruiz, Gamiz-Fika, Mungia eta Zamudioko udalerrietan be izango dau eragina.

SOS Sollubeko kide dan Iñigo Pradak Bizkaia Irratian azaldu dauanez, 2023ko abenduan euki eben proiektuaren barri. Ordutik kezka handia sortu da eskualdean. Pradaren esanetan, proiektu honeek ez dabe bakarrik paisaian eragiten, baita inguruko bizilagunen bizitza kalidadean be. SOS Sollubetik agintariei dei egiten deutse proiektuaren eragin negatiboak kontuan hartuta, alternatiba iraunkorragoak, eta lurraldeagaz eta biztanleriagaz hobeto egokitutakoak bilatzeko. Holango proiektuek aurrera egin aurretik, tokiko biztanleen benetako adostasuna bilatu beharko litzatekela gaineratu dau SOS Sollube plataformako kideak. Sollube-gane proiektua gelditzea, eta eredu energetikoa birplanteatzea eskatzen dabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00