
Armintzan ospatuko da bihar Txapel Reggae jaialdia. Reggae musikearen zaleen artean erreferente bilakatu dan hitzordua da. 1990ean sortu zanetik, jaialdiak kultura bultzatu eta sustraietara itzultzeko helburua izan dau. Horregatik, aurtengo leloa, ‘Sustraiak eta kultura’. Bizkaia Irratiko Lau Haizetara saioan, antolakuntzako kide dan Josu Gurtubaik azaldu dauanez, dana prest daukie eta jaialdiaren ardatza herritarren parte-hartze aktiboa da. Auzolanik barik ezinezkoa litzateke holango egitasmo bat antolatzea nabarmendu dau.
Aurtengo Txapel Reggae-ko kartelak kalidade handiko izenak biltzen dauz: Raymond Wright, Lion D, Awa Fall eta Royal Sounds, besteak beste. Eurekaz batera, Euskal Herriko reggae eszenako talde ezagunek be parte hartuko dabe, esaterako, Trikoma Banda, Lova Lois eta Suaia. Gurtubaik nabarmendu dau estilo aniztasunaren alde egiten dabela.
Txapel Reggae eguerdiko 12:00etan hasiko da dantzaldiakaz, Sound System saioakaz eta masterclass-akaz, kaleetan giroa berotzeko. Iluntzean, kontzertu nagusiek hartuko dabe lekukoa. Kanpaldi-gunea zabalik egongo da, eta antolatzaileek garraio publikoa erabiltzeko gomendioa egin dabe, herria zaintzeko.