2023eko Frantziako Tourraren urteerak ia 104 milioi euroko inpaktua euki dau Euskadiko ekonomian. Horixe dino, Ikertalde enpresak egindako ikerketak. Ekitaldia antolatzeko 12,2 milioi euro erabili zirala kontuan izanda, inbertidutako euroko bakotxeko itzulerea 8,5 eurokoa izan da. Ikerketaren arabera, ekitaldiak urtekotutako 904 enpleguren baliokidea dan jarduera ekonomikoa sortu dau, 58 milioi BPG baino gehiago sortuta. Ganera, ia 19,5 milioi bildu ditu diru-kutxa publikoetarako.
Frantziako Tourraren hasierea gauzatzeko egindako 113 zerbitzu-kontratuetatik 104 euskal enpresek kudeatu dabez. Bestalde, 54 milioi euroko zeharkako inpaktua euki dau euskal ekonomian. Kopuru horren barruan sartzen dira Tourrera bertaratzen diran eta antolakuntzatik kanpoko pertsonek egindako gau-gastuak, erosketak, garraioa edo jarduerak, baita tokiko publikoak berak eragindakoak be.
Txostenak nabarmentzen dauenez, euskal herritarren % 91 Frantziako Tourraren 110. edizioko urteerea antolatzearen alde agertu dira, eta Euskadik helmuga turistiko lez daukan posizionamendua hobetu dala uste dabe. Ehuneko berak azpimarratzen dau egun horreetan Euskadi izan zala munduko albiste eta gertakarien erdigunea. % 82k uste dau Tourraren urteerak Euskadiko gizartea integratzeko balio izan dauela, eta % 86k zoriontasun-uneak eragin dauzela. Gainera, % 80a harro agertu da munduko txirrindularitza probarik garrantzitsuena gure errepideetatik igaro dalako. Herritarren % 85ek uste dau antzeko ekitaldi gehiago ekarri behar direla.