Aitor Elordik bere lehenengo finala jokatuko dau buruz buruko finalean Jokin Altunaren aurka

Faboritoa Amezketako pelotaria bada be, Mallabikoa ezustekoa emoten ahaleginduko da

Txapel preziatuena jokoan

Aitor Elordi eta Jokin Altuna finalerako pelotak aukeratzeko egunean / Bizkaia Irratia

Buruz buruko pelota txapelketaren final handia jokatuko dabe Aitor Elordik eta Jokin Altunak datorren domekan Bilboko Bizkaia pelotalekuan. Frontoia goraino beteko dau bizkaitarraren eta gipuzkoarraren arteko norgehiagokea ikusteko. Aditu guztien arabera, txapela eskuratzeko faborito nagusia Jokin Altuna bada be, Aitor Elordi aurkari arriskutsua da Amezketakoarentzat, final laurenetako ligatxoko partiduan garbi erakutsi eban moduan. Ez da ahaztu behar Elordi 18-15 aurreratu zala markagailuan, azkenean garaipena Altunarentzat izan bazan be.

Hogetazazpi urteko pelotari bi izango dira nor baino nor, bakotxa bere estiloagaz. Aitor Elordiren lehenengo finala izango da buruz burukoan. Altunak, ostera, bi bider eskuratu dau manomanistako txapela. Mallabiakoak dakien moduan jokatuko dauela esan dau. Eta ez da erabagi okerra, Urrutikoetxea, Elezkano, Laso edota Dariori irabazi ostean. Elordi sakeari etekina ataraten ahaleginduko da, aurkariak itzuli ezkero tantoa amaitzen saiatzeko. Buruz buruko partiduetan beti gertatzen dan legez, aurkari biek tanto sortak eskuratzeko aukerea eukiko dabe. Une gozoak eta latzak tartekatuko dira eta garrantzitsua izango da partiduari eustea aurkaria nagusitzen dabilenean.

Aitor Elordik esan dau disfrutatzera urtengo dauela Bizkaia frontoira. Ia disfrutetan dauen eta bide batez txapela dakarren Bizkaira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00