Denporaldiko partidurik garrantzitsuena jokatuko dau Athleticek eguazten honetan Realaren aurka Anoetan. Kopa txapelketako finalerako sailkapena dago jokoan. Talde gipuzkoarra da faboritoa, joaneko partiduan 0-1 irabazi ebalako eta zaleriaren babesa eukiko dauelako. Halandabe, Ernesto Valverderen gizonak ezustekoa emoten ahaleginduko dira. Egia esateko, zuri-gorrien gol bakar batek bardindu egingo leuke kanporaketea. Hori bai, Athleticek aurreko partiduetan baino maila hobea emon beharko da Anoetan finalerako sailkatzeko aukerak izateko.
Unai Gomez Etxebarria, Athleticeko jokalariagaz egin dogu berba Lezaman. Gogotsu eta ilusinoz beterik dagozala esan deusku erdilari bermeotarrak. Taldea indartsu dagoala dino eta badaki konzentraturik eta intensidade handiagaz jokatu behar dauela lehen minututik. Realaren estadioan eguaztenean aurkituko daben giro gogorrak ez deutso ikararik emoten, motibazinoa indartu baino. Dana emotera urtengo dabe lehen minututik, baina zoratu barik, partidua luzea izango da-eta.
Ernesto Valverdek hogeta bederatzi partidutan zelairatu dau aurten Unai Gomez. Hamaikatan hasieratik urten dau eta aulkitik ganerakoetan. Erasoko lau postuetan jokatu dau bermeotarrak, eskoitik, ezkerretik, aurrelariaren atzetik eta aurraldean. Bere betiko postuan jokatu gurako leuke -euskarrian- baina pozik dago zelaiko edozein postutan jokatuta. Atzealdeko ezker hegalean aritzeko prest be agertu da. Garbi dago, Unai Gomezek gorputz eta arima ipinten dauzela zelaira urteten dauen bakotxean, talde jokoaren alde egiteko.
