Azken 25 urteetan Bizkaiko Foru Aldundiak haurrentzako eta umeentzako Familia Harrera programea bultzatzen dau. Babes neurri oso onuragarria da adin txikikoentzat. Euren gurasoakaz bizi ezin diran haur eta nerabeei familia alternatibo bat eskaintzen jake, behar dan denboran, euren garapen osoa bermatuz. Etorkizun hobea izateko aukerea emoten jake, familia giro normalizau baten hazteko aukerea.
1997.urtetik hona 2.000 harrera baino gehiago egin dira Bizkaian. Gaur egun 308 adintxikiko bizi dira harrera familietan: horreetatik 140 senitartekoakaz (aitite-amumakaz, osaba-izekoakaz…) bizi dira eta gainerakoak, beste familia batzukaz.
Maite Iturrate BFAko Umeen Zerbitzuko zuzendariak eta Matxalen Cayero zerbitzuko psikologeak azaldu deuskuenez, Bizkaiak etenbarik familiak behar dauz. Gaur egun 809 adintxikiko dagoz Bizkaiko egoitzatan. Programearen arduradunek gaineratu dabenez, familiek prestakuntza eta balorazino prozesuak igaro behar dabez eta momentu osoan disziplina anitzeko talde baten laguntza osoa jasotzen dabe.
Lau Haizetara irratsaioan, Fraile-Urruzuno eta Alustiza-Larrinaga familien kasuak ezagutu doguz. Carlos Fraile eta Pili Urruzuno urgentziazko harrera familia dira eta orain arte urgentziazko lau harrera egin dabez. Iker Alustiza eta Nerea Larrinagaren kasuan, familia egonkorra dira. Orain lau urte hartu eben neska bat, lehenengoz, eta eurekaz segiduten dau. Euren esperientzia kontau deuskue.
Familia Harrera programearen inguruko informazinoa, Bizkaiko Foru Aldundiaren web orrian konsultau daiteke.