Joan da zezeilaren 20an aurkeztu zan Labayru Fundazioak egindako Urduliz, gure zuztarren iturri ikus-entzunezkoa Urdulizko kultur etxean. Bertan alkartu ziran urduliztar asko euren herriaren barri jakiteko gogoz. Lanak herriko sustraiak, oroitzapenak eta ondare mota desbardinak batzen dauz, ibilbide baten bitartez. Dokumentalak Urdulizko Andra Mari elizatik hasten dan ibilbidea proposatzen dau. Bidean zehar, herriko ondare arkitektonikoa, historikoa, naturala eta kulturala ezagutzeko aukerea eskaintzen dau. Tartean, Euskal Herrian oso leku gitxitan aurkitu daiteken lilipa edo narziso berezi bat aitatzen da.
Akaitze Kamiruaga Labayru Fundazioaren zuzendariordeak Bizkaia Irratian azaldu dauanez, lanaren ezaugarri nagusietako bat, herriko lekukoen parte-hartzea izan da. Urduliztarrek euren oroitzapenak eta bizipenak partekatu dabez: Santa Marinako jaiak, esne eta barazkien salmenta edo Elortza auzoko tabernaren bilakaera… Adituek be parte hartu dabe: Arantza Aldeazabal botanikan doktorea, Sergio Vega Edestiarre Arkeologia alkartekoa eta Koldo Somokueto historialaria azaltzen dira Urduliz, gure zuztarren iturri lanean.
Ez da lehenengo aldia Labayru Fundazioak holango proiektu bat egiten dauana. Azken urteotan Bizkaiko hainbat herritan ondareari buruzko ikus-entzunezkoak sortu dauz. Batzutan, liburuxka osagarri bategaz batera aurkeztu dira, jasotako informazinoa sakonago lantzeko. Aurten beste ikus-entzunezko bi prestauko dauz Labayru Fundazioak. Urdulizen bertan, eta Europako Ondare Jardunaldien harira, lanbide tradizionalen inguruko dokumentala egingo dabe. Eta Busturian, barriz, urte sasoiakaz lotuta dagozan ohiturak, errituak eta kantuak izango dira ardatz. Helburua bera da, herrietako ondarea dokumentatu, balioan jarri eta belaunaldiz belaunaldi transmititzea.
