Arloka ikusi ezkero, 29 azoka eta erakusketa, 223 batzar eta ekitaldi, eta 42 kontzertu Bizkaia Arenan egindakoak izan dira

256 ekitaldi egin dira amaitu barri dan urtean BEC-en eta horrek 201 milioi euroko eragina izan dau Euskadiko Barne Produktu Gordinean

Xabier Basañez: “2025a urte zoragarria izan da arlo guztietan”

Xabier Basañez, BEC-eko zuzendaria / Bizkaia Irratia

2025eko balantzea emon eban jakitera Bilbao Exhibition Centre dalakoak pasa dan astean. Amaitu barri dan urtean, 256 ekitaldi egin dira bertan eta horrek 201 milioi euroko eragina izan dau Euskadiko Barne Produktu Gordinean, Xabier Basañez BEC-eko zuzendariak Goizeko Izarretan irratsaioan azaldu deuskunez: “BEC-en egindako aktibidade guztiek 201 milioi euroko inpaktua euki dabe. Ganera, gastatutakoaren %80a azoka-barrutiaren kanpoaldean gastatu da”.

Beste urte batez, Bilbao Exhibition Centre-a liderra izan da garapen sozioekonomikoan eta Bizkaia eta Euskadiren nazinoarteko proiekzinoa bultzatzeko ekitaldiak erakarten eta antolatzen. Arloka ikusi ezkero, 29 azoka eta erakusketa, 223 batzar eta ekitaldi, eta 42 kontzertu Bizkaia Arenan egindakoak euki dabez: “2025a urte zoragarria izan da arlo guztietan”.

Guztira, 949.000 bisitari baino gehiago izan ebazan igaz BEC-ek eta pabiloiak 318 egunez egon ziran beteta: “Azken urteetan, 800.000-900.000 bisitari euki genduzan. Joerea goranzkoa da”. Horrek guztiak 39 milioi euro baino gehiagoko zerga-bilketea eta 3.800 enplegu sortu ebazan.

Azoka barriak eta tradizionalak

Hasi barri dan urteari begira, DS – Decarbonized & Sustainable Industry azokea sortu dau BEC-ek: “Jasangarritasunaren esparruan kokatzen da azoka barria, deskarbonizazioaren ingurukoa dan heinean. Arrakastatsua izango dalakoan gagoz”. Aitatutako azokea urte amaieran egingo da.

Ganera, jasoten daben azoka garrantzitsuenaren, Makina-Erramintaren Biurtekoaren, 33. edizinoa antolatuko dabe martiaren 2tik 6ra. Beraz, bagiletik martira aurreratuko da aurtengo hitzordua: “Sektoreak martira aurreratu gura eban eta dataz aldatzeko esfortzua egin dogu. Sei pabiloiak beteko dira”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00