Bilbon Venezuelatik etorritako komunidade zabala dago eta, Jimenezek esan deuskunez, eurekaz harremanetan dagoz

Uriburuko gorabeherak aztertu doguz Ezker Anitzako Bilboko koordinatzaileagaz

Xabier Jimenez: “Urtea positiboa izan da enpleguaren ikuspuntutik esaterako, baina uri-proiektu batzuk moteldu dira”

Xabier Jimenez, Ezker Anitzako Bilboko koordinatzailea / Bizkaia Irratia

Bilboko gorabeherak aztertu doguz gaurkoan, munduan bizi dan egoereaz ahaztu barik, Goizeko Izarretan irratsaioan. Horretarako, Xabier Jimenez Ezker Anitzako Bilboko koordinatzailea euki dogu geurean. Trumpek mundua hankaz gora ipini dau Venezuelan esku hartzea egin ebanetik. Horren harira, Bilbon be Venezuelatik etorritako lagunen komunidade zabala dago. Jimenezek esan deusku eurekaz harremanetan dagozala.

Gai lokalagoetara etorrita, eta urte hasieran gagozala aprobetxatuta, 2025eko balorazinoa egin dau Jimenezek. Ezker Anitzako Bilboko koordinatzaileak uste dau urtea ondo joan dala orokorrean: “Urtea positiboa izan da enpleguaren ikuspuntutik esaterako, baina uri-proiektu batzuk moteldu dira”. Zalantza barik, kezka handienetarikoa etxebizitzarena da momentu honetan. Bilbon neurri batzuk hartu dira, tenkatutako gune izentauta, horrek dakarren guztiagaz. Ezker Anitzatik hainbat neurri proposatzen dabez: “Etxebizitza hutsak mobilizatu behar dira”.

Turistifikazinoaren kontra

Bilbon turista ugari dabil urte osoan eta ekonomiaren oinarrietarikoa da gaur egun. Turismoaren alde txarrak be sarri aitatzen dira. Horren harira, Jimenez ez da agertu turismoaren aurka, baina bai “turistifikazinoaren kontra”: “Beste uri batzuetan bizitako larritasuna ez biziteko neurriak hartzen hasi gara”. Ganera, merkataritzaren eta ostalaritzaren egoeraren errepasoa be egin dau: “Indartsu dagoz, pandemia ostean izandako gorakadea garrantzitsua izan da”. Azkenik, gogoratu deusku merkataritza esparruan 20.000 lanpostu dagozala Bilbon.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00