
Mendekotasuna daben pertsonak dabezan hiru pertsonatik ia batek esan dau oso gatx egiten jakola lana eta zaintza bateragarri egitea. Langileen artean kontziliazinoa gero eta kezka handiagoa bihurtzen ari da. Azkeneko urteetan populazino-piramidea aldatzen joan da, gero eta jaiotza gitxiago eta pertsona nagusi gehiago daukaguz gure gizartean. Kontziliatzeko arazoak edozein adinetako langileengan dauka eragina eta askok eskatzen dabez erreztasunak euren beharretara moldatuta.
Eusko Jaurlaritzak ekainean ireki eban kontziliazino planak egiteko laguntzak eskatzeko epea enpresentzat eta kooperatibentzat, eta irailaren 30era arte aukera dago eskatzeko. Eta Kontzilia Komunidadean dagoeneko plan horreek indarrean dabezan 40 enpresa sartuta dagoz, gaiari buruzko esperientzia onak partekatu ahal izateko.
Plan honeen nondik norakoak hobeto jakiteko, Xabier Legarreta Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuordea geugaz euki dogu Bizkaia Irratiko estudioetan. Azaldu dauanez, “enpresa motaren arabera era bateko plana edo beste bat ahal da osotu martxan ipinteko, deialdian aukera dago autonomo moduan be dirulaguntza eskatzeko”. “Dirulaguntza hau da hasikerako pausua, hasikerako diagnostiko bat egiteko eta hasikerako plana martxan jartzeko”, gaineratu dau Xabier Legarretak.