EIZIEk —Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen alkarteak—, Iruñeako Udalagaz lankidetzan eta Txalaparta argitaletxearen laguntzaz, Minaberri itzulpen-bekaren III. deialdia atondu dau, mentoretza baten bitartez nazinoarteko gazte-literaturako lan esanguratsu bat euskaratzeko. Jürg Schubiger idazle suitzarraren Als die Welt noch jung war obra izango da aurtengo itzulgaia, eta lanak aurkezteko epea apirilaren 20ra arte egongo da zabalik.
Ainhoa Mendiluze itzultzaileagaz egin dogu berba Lau Haizetara irratsaioan. Lehen edizinoko bekaduna izan zan, eta aurtengo epaimahaiko kidea be bada. Mendiluzeren berbetan, Minaberri beka “aukera oso ona da” itzulpengintzan hasi gura dabenentzat, batez be, sare-laguntza bat eskaitzen daualako. Mentoretzaren figurea giltzarritzat jo dau. “Itzultzaile gazteok askotan ez dogu erraz izaten lehen pausua emotea, eta mentore batek prozesu osoan laguntzen deutsu, akatsak egiteko eta ikasteko espazioa emonaz”. Bere esperientziari erreparatuta, Mendiluzek nabarmendu dau prozesua aberasgarria izan zala, bai pertsonalki bai profesionalki. Berak Laurie Halse Andersonen Speak euskaratu eban.
