Irailaren 25ean Bilboko Sinsorga kulturgune feministan aurkeztu eban disko barria abeslari donostiarrak

'Zainak eman' diskoa aurkezteko lehen kontzertuak iragarri dauz; Bizkaian, momentuz, Bilbon eta Lekeition eskainiko dauz zuzenekoak

‘Zainak Eman’, Olatz Salvadorren hirugarren diskoa

Olatz Salvador donostiarrak Zainak eman (Balaunka) hirugarren diskoa aurkeztu dau. Aurretik, Zintzilik (Airaka, 2018) eta Aho Uhal (2021) lanak kaleratu ebazan. Disko barria hamar kantuz osotuta dago, eta tartean, Izaro eta Alba Moreno abeslarien kolaborazinoak izan dauz. Proiektu honetan, Salvadorrek transzendentzia bilatzen dau, zarataren arteko argia, eta kezka espiritual hori abestien gaietan eta estetika musikalean islatzen da. Abestietan Itziar Ugarte idazlearen laguntza izan dau, konposizinoaren aldetik. Ganera, bertsolari batzuen laguntzea be jaso izan dau abestien letrak sortzeko.

Berbaldiak eta kontzertuak

Zainak eman diskoa aurkezteko, lehenengo, solasaldi formatuko bira egingo dau eta horreek amaitutakoan eskainiko dauz kontzertuak.

Euskal Herriko hainbat kulturgunetan eskainiko dauz hitzaldi musikatuak, eta hainbat kulturgile izango dauz alboan. Urriaren 9an, Baionan, Donostian urriaren 10ean, Altzagan urriaren 11n eta Bilboko Biran izango da azkenengoa, Katixa Agirre idazleagaz batera, urriaren 17an. Zuzenekoak hasiko dauz ostean: urriaren 19an Oñatin, urriaren 25ean Bilboko Ura bere bidean jaialdian, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan zemendiaren 8an, biharamonean Errenterian, Iruñan zemendiaren 19an, Bilboko Kafe Antzokian abenduaren 12an, hurrengo egunean Lekeitioko Ikusgarri Aretoan eta momentuz iragarri dauan azkena, Arrasaten abenduaren 23an.

Olatz Salvadorrek ohiko taldea izango da alboan kontzertu horreetan. Ander Zulaika bateria jolea, Jagoba Salvador baxu jolea eta Mattin Saldias gitarra jolea. Esti Beraza be batuko jako taldeari oraingoan. Pianoa eta teklatuak joko dauz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular