Zaintza Paliatiboen Legea eskatu dau Faltan botaten dogu plataformeak. Urriaren 12.a izan zan zaintza paliatiboen nazinoarteko eguna. Bilbon, Gasteizen eta Donostian egin ziran konzentrazinoak, Eusko Jaurlaritzari kalidadeko zaintza paliatiboak eskatzeko. Helduen erdia baino gehiagok mina eta bestelako sintoma garrantzitsuak jasaten dabez euren bizitzaren azken urtean. Paziente pediatrikoen sintomen kargea oraindino handiagoa da. Bizitzaren amaierako zaintzak gaur egun Euskadin, hobetu daitekezala esan deusku Iñaki Peña Bandres medikuak. Bere esanetan, beharrizana gero eta handiagoa da, eta ez dago mediku eta bitarteko nahikorik erantzuteko. Europako beste herrialdeakaz alderatuz, gurean, atzerago gagoz arlo honetan.
Plataformea sortu dabe
Arinduz alkarteak bultzatuta Faltan botaten dogu plataformea sortu da eta hainbatek egin dabe bat. Tartean dagoz minbiziaren aurkako alkarteak, Adela ELA gaixotasuna daukienen alkartea, Aspanovas… Zaintza paliatiboen legea eskatzen deutse plataforma honetatik Eusko Jaurlaritzari. Iñaki Peñak gogoratu dau eutanasiaren legea onartu zala eta bizitzaren amaieran, oraindino gitxieneko bat dala eutanasia eskatzen dauana. Beraz, eutanasiak bere legea badauka, zaintza paliatiboek be euki dagiela aldarrikatzen dabe. Legea eskatzeko asmoz mobilizazino gehiago iragarri dauz Faltan botaten dogu plataformeak.