
Zaldibar Argitu plataformeak ez dauka itxaropen handiegirik orain bost urte izan zan hondamendiaren ganeko auziaz. 2020. urteko zezeilaren 6an gertatu zan Zaldibarko zabortegiaren hondamendia. Ezbehar honen ondorioz langile bi hil ziran, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran. Herrian eta inguruan sortutako ezinegonak eraginda, Zaldibar Argitu plataformea sortu zan. Bertatik, Gaizka Zabartek gogoratu deusku, taldearen izenak dinoan moduan, gertaerea argitzeko eskatzen jarraitzen dabela. 2021. urtean, langileen osasunaren ganeko auzia, aldeen akordioagaz amaitu zan. Epaitegietan, ingurmenaren kontrako delituen ganeko auzia dago oraindino, instrukzino fasean. Honen aurrean ezkorrak direla esan deusku Zabartek. Sei hilabetero luzatzen dabe auzia eta oraingoan bagilera bitartekoa da luzapena. Zabortegiaren jabea zan Verter Recycling enpresearen arduradunak, geologoak eta kontsultoreak dagoz auzi honetan eta baita Eusko Jaurlaritzako hiru teknikari be. Zaldibar Argitutik, Gaizka Zabartek esan deusku, Jaurlaritzak orain arte ez dauala ezelango erantzukizunik beregain hartu. Zabartek dino astakeria asko egin zala zabortegian eta batan batek baimendu ebala hori.
Gertaerea oroitzeko ekitaldia
Domekan, zezeilaren 9an, eguerdiko hamabi ta erdietan, ekitaldia egingo da Zaldibarko Eitzaga auzoan orain bost urteko gertaerea gogoratzeko. Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze oroituko dabez. Sololuzeren gorpuzkinak 2020ko abuztuan aurkitu ebezan zabortegian. 62 urte eukazan, Eibarkoa zan eta Markina-Xemeinen bizi zan. Joaquin Beltranen gorpua ez eben aurkitu eta 2021. urtean amaitutzat emon eben bilaketea. Orain arteko ekitaldietan lez, bertsolariak, trikitilariak, dantzea eta txalaparta saioak izango dira oroimen ekitaldian.