
Planik Plan irratsaioaren emonaldi barri bati ekin deutsagu asteon Bizkaia Irratian. Barikuro, astegoienean zehar Bizkaiko txoko desbardinetan egongo diran ekintzen eta egitasmoen errepasoa burutzen dogu, geure lurraldean zer egongo dan jakin eta gura dozuen plana egin daizuen. Astegoien honetatik Zea Mays, Gatibu eta Efecto Pasilloren kontzertuak nabarmendu doguz.
Barikua
Astegoien honetan plan asko egongo dira egiteke Bizkaian, barikutik hasita. Esaterako, Leioako, Muskizko edo Sestaoko jaiak ospatuko dira astegoien honetatik hasita. Eguneko ekitaldiei jagokenez, gaueko 22:00etan, ‘La vida regulinchi’ bakarrizketa eskainiko dau Dani Fezek Bilboko Campos Eliseos antzokian. Musikari jagokonez, kontzertu batzuk izango dira. Esaterako, Zea Maysek kontzertua eskainiko dau gaueko 23:00etan Leioako Lehendakari Agirre plazan eta Gatibu Muskizen izango da, ordu berean.
Zapatua
Hainbat ekitaldi ezbardin izango dira protagonista zapatu honetan Bizkaian. Esate baterako, arratsaldeko 18:00etan Basauriko Basozelain, ‘Atsoak dantzan’ antzezlana ikusi ahalko da. Bestalde, arratsaldeko 19:00etan, Bilboko Arriaga antzokian, ‘Missa solemnis’ izango da protagonista. Kontzertuei jagokenez, gaueko 22:30etan Leioako Lehendakari Agirre plazan, Efecto Pasillok kontzertua emongo dau.
Domeka
Astegoieneko azken egunari begira, hainbat ekitaldi izango dira Bizkaian. Esaterako, Durangon ‘Erdi Aroko hiribildua’ bisita gidatua eta dastaketea eroango dabe aurrera. Ganera, eguerdiko 13:00etan, Izurtzako udaletxeko balkoian bertso saioa eukiko dabe Kelmene Abaitua, Ixone Asategi eta Naroa Jaio bertsolariekaz. Goiz-eguerditik arratsaldera goaz. Arratsaldeko 18:00etan Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean, Xemein abesbatza eta Xemeingo gazte abesbatza izango dira. Azkenik, arratsaldeko 19:00etan Bilboko La Sinsorgan, helduentzako ipuin-kontaketa saioa egingo dabe.