Arte Ederretan doktorea da eta EHUko irakaslea

Gure Artea saria jaso dau Zarautzeko artisteak

Zuhar Iruretagoiena:”Momentu berezian dator saria”

Gure Artea sariaren irabazleak / Irekia

Urriaren 16an emon ebazan Eusko Jaurlaritzak Gure Artea sariak. Jon Mikel Euba zornotzarrari ibilbide artistikoa aitortzeko saria emon deutse aurten. Epaimahaikideek esan dabe, euskal arte garaikidean egindako ibilbide zabal eta berezia aitortu nahi izan deutsiela era honetara. Eragileek egindako lana aitortzeko saria, Garikoitz Fraga bilbotarrak jaso dau ‘Belleza Infinita’ argitalpen-proiektuaren barruan egindako lanagatik. Sorkuntza-lana aitortzeko saria bitartean Zarautzeko Zuhar Iruretagoienak jaso dau. Zarautzekoa da Zuhar, baina Bizkaian bizi da. Arte Ederretan doktorea da eta EHUko irakaslea. Ertibil saria birritan jaso dau, Puerto de Santander saria be emon eutsen… Gure Artea saria, momentu berezian heldu dala esan deusku, amatasuna tartean.

Hausnarketea eragiteko erronka

Epaimahaiaren arabera, “begirada kritiko eta ikertzailetik, formaren, materialtasunaren eta sinboloaren arteko tirabirak aztertu dauazan proiektu artistikoaren sendotasunagatik” emon deutse saria. Ikerketa formal eta kontzeptualerako daukan gaitasuna, artearen lengoaiaren aurrean daukan jarrera kritikoa eta eskulturaren barrikuntzeagaz daukan konpromisoa be nabarmendu dabez. Artisteak esan deusku, erronka berarentzat hausnarketea eragitea dala. Bere lanetan, begirada eskultorikoa nabarmentzen da. Zuhar Iruretagoienak, Guggenheim Bilbaon museoan, San Telmon edo Rekalde aretoan be erakutsi dauz bere lanak. New Yorken edo Austrian be bai. Momentuz, epe laburrera ez dauka erakusketa handirk eskaintzeko asmorik. Esperimentatzen dabilela esan deusku.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00