Plana, INFOBI izenekoa, klima aldaketak sortutako agertoki barrietara dago egokituta. Plan honen egokitzapena lau alderditan zentratu da bereziki. Lehenengoa suteak aztertzeko zerbitzu bat garatzea da. Planifikazino- eta prebentzino-lanak egiteaz gain, gune kritikoak zehaztuko dira. Gainera, baso-suteen zergatiak ikertzeko brigada espezializau bat sortzea aurreikusten da. Larrialdi-planak makina astunak be erabiltzen dauz prebentzino-lanetarako eta suteak amatetako. Azkenik, langileek jasotzen daben prestakuntza espezializatua be indartuko da.
INFOBI 600 pertsonako taldearen lana koordinetan dau, mendietako zerbitzuetako langileen eta baso-agenteen artean, besteak beste. Bertan, baso-suteetan esku hartzeko antolamendu-egitura eta prozedurak ezartzen dira, baso-suteen arrisku-mailen arabera, eta mota horretako larrialdiak prebeniduteko neurriak be ezartzen dira, zugatz-masen kudeaketa iraunkorrera bideratuta.
Helburuetako bat baso-suteen arriskuak aztertzea da, kontuan hartuta, adibidez, erliebea, landaredia, baldintza klimatiko kaltegarrien kointzidentzia (tenperatura altuak, haize indartsuak, hezetasun txikerra), urtarokotasuna edo mendian egiten diran giza jarduerak eta jolas-jarduerak. Halaber, dokumentuak baso-sute gehien jazotzen diran eremuak eta garaiak zehazten dauz, arriskuen analisiaren araberako neurriak diseinatzeko; eskura dagozan bitartekoak eta baliabideak (norberarenak zein besterenak) aktibatzeko prozedura ezartzen dau, eta arrisku-maila jaisteko aplikau beharreko prebentzino-neurriak zehazten dauz.