Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak eta Euskadi Fundazioak, bigarren urtez jarraian, “Domeketan bizikletaz” antolatuko dabe. Oraingoan jardunaldi bi egingo dira Areatzan, jorrailaren 2an eta 23an, herritarren artean bizikletaren erabilera sustetako helburuagaz. Areatza izango da helmuga, aurrez diseinatutako ibilpide seguru bat egin ondoren. Bertan, parte-hartzaileek, begiraleakaz batera, bizikleta maila dinamikoan kontroletan ikasiko dabe, abiadura ertainekin/handiekin, trafikoari edegitako ingurunean eta ibilpidean oztopo finkoak edo mogikorrak dagozalarik.
Edizino honetako beste barritasun bat “Orienting-aren hastapenak” ikastaroa da. Proba honen bidez, bizikletaz orientetako kirola ezagutarazo gura da eta, horregaz batera, Bilbon sakabanatutako monumentu, plaka edo eskultura batzuk, normalean begi-bistatik kanpo geratzen diranak, kirol-proba batean integradu.
Egun horreetan be hainbat jarduera egingo dira Areatzan. Euren artean, bizikletaren azoka bat, familientzako ginkanak eta bizikletagaz lotutako erakusketa tematikoak, nabarmentzen dira. Azoka txikerra 10: 00etatik 14: 00etara bitartean izango da. Salgai jarriko diran bizikletei altea emon behar jake, aldez aurretik, formulario bat betez. Persona bakotxeko 2 bizikleta jarriko dira salgai, gehienez, eta bizikleta bakotxeko prezioa, gehienez, 500 eurokoa izango da.