Athleticek lehen urratsa emon dau kopan (1-6)

Zuri-gorriek ez dabe ezelango arazorik izan Prat taldea kanporatzeko eta Realaren aurkako derbira begira dagoz
Rober Navarrok Athleticen bigarren gola sartu dau / Athletic Club

Athleticek aurrera egin dau kopa txapelketan Prat taldeari 1-6 irabazita. Tramite hutsa izan da baina ganditu beharrekoa eta zuri-gorriek ez dabe huts egin. Hiru gol sartu dauz Terzicen taldeak lehen zatian eta beste hiru bigarrengoan. Athleticek abenduan jokatuko dau kopa txapelketako hurrengo kanporaketea.

Aldaketa ugari sartu ditu Terzicek azken partiduan zelairatu eban hamaikakotik. Paredes eta Maroan kenduta, ganerako titular guztiek ez eben jokatu Getaferen aurka. Athleticek ez eban ezustekorik nahi eta jokalariak konzentratuta aritu dira lehen minututik. Halandabe, zuri-gorrien lehenengo gola partiduko hogeta bederatzigarren minutuan iritsi da Maroan Sannadiren eskutik. Aurrelari gasteiztarrak ederto baliatu dau Mikel Jauregizarrek emondo pasea baloia sareetara bialtzeko. Minutu bi beranduago, zuri-gorrien bigarren gola iritsi da Robert Navarroren eskutik, barriro be Jauregizarrek emondako asistentzia baliatuta.

Kanporaketea ondo bideratuta egoala zirudienean, Pratek gola sartu dau Alex Padillaren ate ingurura hurreratu dan lehen jokaldian. Zorionez, zuri-gorriek hirugarrena sartu dabe hiru minutu beranduago Nico Serranoren bitartez. Gauzak holan, 1-3koagaz amaitu da lehenengo zatia.

Markagailuan gol biko aldea izanda, Athleticek lasai ekin deutso bigarren zatiari. Hamabosgarren minutuan, Terzicek aldaketa hirukotxa egin dau Imga, Conde eta Vizcay zelairatuta, Johaneko, Maroan eta Pradosen ordez. Gazteen errendimendua bikaina izan da. Aritz Condek asistentzia bi emoteaz gain jokaldi politak egin dauz, Vizcayk laugarren gola sartu dau eta Imgak bosgarrena. Partidua amaitzeko lau minuturen faltan sartu da zelaira Selton gaztea eta astia euki dau Athleticen seigarren gola sartzeko.

Kontuak kontu, Athleticek ezelango arazo barik gainditu dau kopako lehen kanporaketea eta Realaren aurkako derbira begira dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00